
Larunbata, 2009ko urriak 3.
Euskal selekzioak
ezingo dira Espainiaren baimenik gabe lehiatu.
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Atzerri Ministerioaren
eta Kirol Kontseiluaren baimena beharko dutela.
Efe. Bilbo.
EAEko Auzitegi
Nagusiak erabaki du euskal kirol selekzioak ezingo direla lehiatu «mundu
mailako probetan», ez nazioartean, ez Espainian, Espainiako Atzerri
Ministerioaren eta Kirol Kontseilu Gorenaren baimenik gabe. Era horretan,
atzera bota du Eusko Jaurlaritzak iazko martxoan selekzioak laguntzeko eta
arautzeko hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, 1990eko
Espainiako Kirolaren Legea da alor horretan balio duen bakarra, eta EAEkoak ez
du balio, haren kontra egiten duelako.
EAEko Kirolaren Legeak, iazko martxoan emandako aginduan,
euskal selekzioei eman beharreko diru laguntzak arautzen zituen, nazioartean
lehiatu ahal izateko. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak dio horretarako eskuduntza
duten bakarrak Espainiako Kirol Kontseilu Gorena eta Atzerri Ministerioa
direla. Ebazpenean, gainera, zera gogorarazten zaie euskal federazioei:
Nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartu nahi duten federazio autonomikoek
Espainiako federazioen barruan egon behar dutela. Horrela, arrazoia eman dio
Espainiako Gobernuari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren kontra helegitea jarrita
zeukan eta errugbiko, eskubaloiko, taekwondoko,
bola-jokoetako, karateko, piraguismoko, halterofiliako, xakeko, igeriketako,
hipikako, txirrindularitzako eta surfeko federazioen kontra, nazioartean
lehiatu nahi zutelako. Haiek eta Euskal Federazioen Batasunak Espainiako
Kirolaren Legea errespetatu beharko dutela dio ebazpenean.
© berria.info